XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaza-n palestinar ikasle bat hil israeldar soldaduek.

JERUSALEN (Efe-EGlN).- Israeldar soldaduak ikasleen manifestapena erreprimitzen ari zirenean, Gaza-ko Jan Iunes herrian, palestinar neskatxa ikasle bat hilik eta beste bat zauriturik gertatu ziren.

Irrati Israelek aditzera eman duenez, herriko eskolan sartu ziren israeldar soldaduak, han barruan huelgara egiteko eraginez ari ziren hamar gazte mozorrotu zirela jakin zutenean.

Israeldarrek okupazioaren kontra manifestazioa egitea zen hamar horien xedea.

Horietarik bi preso hartu zituzten soldaduek; orduan, ikasleak harrika hasi zitzaizkien.

Palestinarrek aditzera eman dutenez, hantxe bertan eskola barruan beste bost ikasle zauriturik gertatu ziren.

Laboristak, jakina denez, Menajen Begin, lehen ministroaren kontra dira, bai Ariel Sharon, Defentsako ministroaren ere.

Horien ustez, Zisjordania eta Gazan era guztiz basaz ari da jokatzen jaun ministroa.

Hain zuzen atzo arratsaldean, Jerusalengo Parlamentuan, eztabaida gogorra izateko asmotan ziren guztiorri buruz.

Orain dela bi egun, Jerusalendik Hebronera doan errepidean, israeldar zibil batek haundizki zauriturik utzi zuen palestinar bat, honek bere autoari harrika egin ziola eta.

Egia esan Zisjordanian eta Gazan, aspaldidanik, istilu gorriak dira israeldar soldadu eta ikasleen artean.

Esan liteke, eguneroko ogi bihurtu direla horko iskanbilak.

Atzo berean bi judu zauriturik gertatu ziren eskualde horietan.

Kneset-eko politik saioak, berehalaxe hasiko dira udaberrikari.

Herenegun bortizki mintzatu zen, parlamentarien aurrean. Begin lehen ministroa, esanez, gaurgero ez dela autodeterminaziorik eta soberaniak izango palestinarrentzat; bien bitartean, Judea-Samaria eta Gazak israeldarren menpe geratuko dira.

Izan zen istilurik Nablus, Jenin, Belen, Zair, Sanoa eta Jerikoren ere atzo.

Jendeak aztalak arin israeldar soldaduei ihesi.

Israeldarrek larunbatetan jai egiten dute.

Katolikoek igandetan, horiek zapatuetan.

Egun sakratua da israeldar fededunentzat.

Hori dela eta, Ministroen Kontseiluak, El Al airekoetan ari direnei lan egitea debekatu zien, shabat delako hori den-denek errespetatu behar dutela eta.

Aireko konpainia famatu hori gaizki antxean da, diruz, jakina.

Iaz ez zuten langileek soldatak jasotzea eskatu, konpainia 100 milioitako zorrekin ezinean zela eta.

Orain, berriz, larunbatetan lanik egiten ez baldin bada, urteko 40 milioi galduko direla.

Zer egin?.

Ierujan Meschel, Histadrut zentrale sindikaleko buruak aditzera eman duenez, baldin eta langileek larunbatetan lanik egiten ez badute, aireko konpainia horrek lur joko du.

Hori dela eta, berehalaxe, lanik gabe geratuko da langile asko.

Gero, noski, huelgak eta antzekoak.

Nola konpondu auzia?.